ENERITZ FURYAK
Hitz poetiko ilunkarak kantatzen dituen ahots berezi eta pertsonala da Eneritz Furyakena. Heterodoxoegia folk konbentzionaleko ikuspegi hertsiarentzat, popetik ez da urrunegi, baina punka da osagai ezinbestekoa bere kantuetan. Sortzeko modu sinpleagatik, kantuen trinkotasunagatik, bere kabuz eta eskura dituen tresna apurrekin produzitu nahiz grabatzeagatik.
Eneritz Dueso Domenech (Irun, Gipuzkoa, 1993) da bere benetako izena. 15 urterekin eman zuen lehen kontzertua talde batekin, gitarra elektrikoa jotzen. 2011an Kasernarat proiektua sortu eta berak konposatutako kantuak lagun batzuekin jotzen hasi zen. Bost urte inguru iraun zuen proiektu hark, Eneritzek hura desegiteko erabakia hartu zuen arte: taldearen norabidea argi ikusi ez, eta inguruko kultura eta musika sistemarekin deseroso, hartatik aldentzeko bakarka aritzea aukeratu zuen, bere norabide artistikoaren kontrola berak bakarrik hartuko baitzuen horrela.
Taldea utzi zuenetik bakarkako lehen diskoa atera zuen arte urtebete igaro zuen isilik. 2017 hasieran atera zuen Eneritz Furyak: urte batzuk lehenagotik sortutako kantuen bilduma. “Zerotik” hasten zela adierazteko edo, serigrafiatutako kutxa garden batean atera zuen diskoa. Hain zuzen, punketik ikasi zuen DIY filosofia dakar diseinuetan ere: beste sortzaileekin ere kolaboratzen duen arren, berak eginak izan ohi dira bere diskoen diseinuak, askotan eskuz muntatuak. Halaber, berak ateratzen ditu bere buruaren argazkiak.
2018 amaieran Zaldi zuria / Maskara argitaratu du: desiraren argi-ilunen inguruan diharduen kantu biko singlea. Pop melodia gehiago dituena, ilunagoa, geldoagoa eta biribilagoa. Azala zuria da oraingoan, etorkizunean irudiz edo kolorez jantzi ahal izateko mihisea bezalako zerbait: Furyak zuriz jantzita, zaldi desitxuratu itxura duen eskuz egindako maskararekin. Zubi bat 2017ko bilduma eklektiko eta gordinago haren eta 2019an ateratzeko asmoa duen diskoaren artean.
Eneritz Furyak-ek hainbat sari jaso ditu, horien artean Gaztea Maketa Lehiaketako Kafe Antzokiaren saria, eta Euskal Herritik kanpo Kataluinian, Galizian, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Suitzan eta Italian eman ditu kontzertuak. Mirokutana ekoiztetxearen Bihar dok amairu dokumentalean parte hartu du berriki, Julen Lekuonaren “Itsasoan urak handi dire” kantuaren bertsio batekin.